Irizar e-mobilityk zortzi autobus elektriko entregatuko ditu Hanburgon
04/02/2021
Zero igorpeneko lehen Irizar autobus autonomoa estreinatu dute Malagan
18/02/2021

Abian da Irizar e-mobilityren bigarren bizitzako bateriak dituzten ibilgailu elektrikoak kargatzeko lehen birkarga gunea

Aduna, 2021eko otsailak 10

  • Ibilgailu elektrikoak kargatzeko lehen estazioa, Irizar e-mobility-ren bigarren bizitzako baterietatik eratorritako energia biltegiratzen duena, martxan da dagoeneko.
  • Ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune hau bigarren bizitzako baterietatik eratorritako energia biltegiratzen duen lehena da Espainian eta Repsolek eta Ibilek garatu dute.

Kargatzeko gunea Repsolen zerbitzugune batean jarri dute, N-I errepidean, Tolosan (Gipuzkoa).

Irizar e-mobilityk eta Ibilek, mugikortasun elektrikoaren garapenerako soluzioetan aitzindariak diren enpresak, lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten autobus elektrikoen bateriei bigarren bizitza bat emateko. Sinatutako hitzarmenari esker, Irizar e-mobilityk  ekoitzi eta bere autobusetan instalatzen dituen bateriak berrerabili ahal izango dira energia biltegiratzeko elementu gisa, eta aplikazio horri lotutako potentziako elektronika ere berrerabili ahal izango da, Ibil garatzen ari den eta besteak beste Repsolen zerbitzuguneetan garatzen eta zabaltzen ari den karga azpiegituretan.

Lankidetza horren lehen emaitzetako bat izan da ibilgailu elektrikoentzako 50 kW-ko lehen karga estazioa instalatzea eta martxan jartzea, Irizar e-mobilityren bigarren bizitzako baterietan oinarritutako energia biltegiratzeko sistema batekin. Proiektu horrek, gainera, Ingeteam, Cidetec eta Gureak taldeen laguntza izan du. Azken horrek Gipuzkoan desgaitasuna duten pertsonak enplegatzen ditu, eta biltegiratze-moduluaren muntaia industrial guztia egin du. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izan du, I+G laguntzeko Hazitek eta SmartMobility Industry programen bidez, hurrenez hurren.

Garapen teknologiko eta industrial horrek sinplifikatu eta erraztu egiten du 50 kW-ko birkarga puntuak instalatzea potentzia elektriko nahikorik ez duten lekuetan, edo sareko inbertsioaren kostuak beste aukera batzuk bideraezin bihurtzen dituen lekuetan.

Honako hauek dira proiektuaren abantaila nagusiak:

  • Karga azkarreko puntuak (50kW) instalatzeko aukera ematen du, bestela bideraezinak diren lekuetan, dela potentzia elektrikorik ez dagoelako, dela, bideragarria izan arren, sare elektrikoaren hartunearen ondoriozko zailtasun teknikoek inbertsioa gehiegi handitzea dakartelako.
  • Zerbitzua emateko behar den sare-potentzia %70 murrizten da. Horrela, 50 kW-ko birkarga puntu azkar bat martxan jar daiteke, soilik 15 kW-ko sareko hartune bat erabiliz.
  • Ia edozein lekutan jartzea errazten du, biltegiratzeko modulurako behar den gutxieneko espazioa metro karratu bat baino gutxiago delako.
  • Nabarmen murrizten ditu azpiegituraren eragiketa kostuak, %50eraino, batez ere kontratatutako potentzia txikiagoaren ondorioz.
  • Bigarren bizitza bat ematen die autobus elektrikoen bateriei, ekonomia zirkularra eta jasangarritasuna sustatuz.

Horrela, mugikortasunaren ikuspuntutik elektrizitatea kargatzeko puntuak instalatzea egokia den lekuetan instalatzearen ondoriozko zailtasun teknikoak, hala nola gasolina-zerbitzuguneetan, soluzio berritzaile batekin konpontzen dira. Soluzio horrek autonomia eta eraginkortasuna ematen dizkio kargatzeko sistemari, eta, aldi berean, tokiko sorkuntza banatuaren eta autokontsumoaren integrazioa errazten du.

Kargatzeko estazio hori instalatzea beste urrats bat da Irizar e-mobility enpresa ekonomia zirkularraren alde egiten ari den apustuan. Ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin konpromiso handia du, eta baliabideen aprobetxamenduan eta lehengaien erabilera murriztean oinarritutako negozio eredu baterantz aurrera egitea du helburu.

Irizar e-mobilityri buruz

Elektromugikortasuneko lehen planta europarra da, ibilbide laburreko autobus eta kamioi %100 elektriko eta zero igorpenekoak fabrikatzen ditu eta baita karga azpiegiturak ere. Gainera, Irizar e-mobilityk bere bateriak ere garatu eta fabrikatzen ditu.

Irizar e-mobility ibilgailuen egungo gaman hiru modelo daude: Irizar ie bus, Irizar ie tram eta Irizar Irizar ie truck.

Ibilgailu elektriko horiek 2014tik Europako hainbat hiritan dabiltza.  

Irizar e-mobility erabat konprometituta dago ingurumenarekin, eta trantsizio energetiko horretan lagundu nahi du. Euskal Herriko eguzki parke fotovoltaiko handienean inbertitu du, han sortutako energia fotovoltaikoa bere autobusak egiteko erabiltzeko helburuarekin, eta, horrela, ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izateko.


X