Jasangarritasuna


Gure iritziz, jasangarritasuna gure estrategia korporatiboaren eta gure kudeaketaren ardatzetako bat da. Etorkizunean pentsatzea esan nahi du, mundu hobea eraikitzea. Hori dela eta, jasangarritasunez jarduten dugu, egunero lehiakorragoak izateko, epe luzeko aberastasuna eta enplegua sortzeko, gure pertsonak, bezeroak, kolaboratzaileak eta gizartea gogobetetzeko, eta ingurumena eta gure ingurunea babestu eta zaintzeko, hurrengo belaunaldientzat.

Konpromiso irmoa dugu Nazio Batuen Munduko Itunak aldarrikatutako hamar printzipioekin (giza eskubideei, lan-eskubideei, ingurumenari eta ustelkeriaren kontrako borrokari dagozkienak) eta Garapen Jasangarriko 17 Helburuekin (GJH).

Jasangarritasunaren ondorioz, helburuak, ekimenak eta ekintzak sortzen ditugu, gurekin harremanetan dauden talde guztiekin gauzatzen ditugunak: Irizar osatzen dugun pertsonekin, bezeroekin, bidaiariekin, kanpoko kolaboratzaileekin, gizartearekin eta ingurumenarekin.

Produktuak eta soluzioak

Gaur etorkizuneko mugikortasuna gauzatzea

Irizar e-mobilityn, erabakita daukagu garraio eraginkor, garbi eta irisgarrien erabilera bultzatzea, ingurumenaren eta pertsonen ongizatearen eta osasunaren alde egiten baitute, eta hiri-ingurune hobeak sortzen laguntzen baitute. Gure xede nagusiak kutsadura akustikoa murriztea, kostuak gutxituko dituzten kontsumo txikiak lortzea eta zero igorpeneko ibilgailuak garatzea dira. Hiri-mugikortasunean aitzindariak izan nahi dugu.

Produktu jasangarriak

2014az geroztik Europako hainbat hiritan ibiltzen diren zero igorpeneko ibilgailuak eta Irizar e-mobilityk garatutako zerbitzuak etorkizuneko mugikortasuna zehazten ari dira. Hiri-mugikortasun jasangarria eta ekoeraginkorra eskaintzen ari dira, eta hiriko garraioaren egungo eta etorkizuneko beharrak betetzen. Diseinu- eta plangintza-fasetik, honako hauek dira helburu nagusiak: ahalik eta energia-eraginkortasunik handiena jartzea, ibilgailuaren autonomia luzatzea eta haren balio-bizitzaren amaieraren kudeaketa optimizatzea.

Garraio seguruagoa eta efizienteagoa

Gidatzen laguntzeko eta segurtasun aktiboko sistemak garatu ditugu, etorkizuneko garraioa seguruagoa eta efizienteagoa izan dadin.

Bezeroak

Bezeroei baliorik handiena eskaintzen diegu, markari, teknologiari eta jasangarritasunari dagokienez.

Gure bezeroen balioa ahalik eta handiena izaten laguntzea da gure estrategia. Horretarako, kalitatezko eta goi-teknologiako zerbitzu eta produktu pertsonalizatuak haien eskura jarri, eta fidatzeko moduko proiektu sendo baten bermea eskaintzen diegu. Gertutasunean eta harreman zuzenean oinarritutako estrategia dugu, hartara bezeroen leialtasuna eta konfiantza lortzeko.

Egunik egun, lidergo-posizio bat lortzen ahalegintzen gara, horrek onurak eragin ditzan gure bezeroentzat.

Zerbitzua, diseinua, teknologia, segurtasuna, fidagarritasuna eta errentagarritasuna Irizarren bereizgarriak dira.

Pertsonak

Zalantzarik gabe, enpresako pertsonak funtsezkoak dira epe ertainean zein luzean emaitza iraunkorrak lortzeko, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren aldetik. Bezeroarekin eta estrategiarekin konpromiso handia duten pertsonak ditugu.

  • Kultura ireki eta garden baten alde egiten dugu, irmo sinesten baitugu, denboran zehar arrakasta lortzeko, ahalik eta zuzenenak diren enpresa-jarduerak direla oinarri bakarra.
  • Konpromisoa dugu enpleguarekin, eta, ildo horretan, etengabe ari gara enplegua sortzen; izan ere, krisiaren unerik txarrenetan ere, 2009an, langile guztiek euren lanpostua mantendu zuten. Azken bost urteetan, 1.000 langile gehiago sartu dira Irizar Taldean; alegia, % 40 gehiago gara orain duela bost urte baino. Azken urtean, talentua erakartzen jarraitu izan dugu, eta 300 langile gehiago (% 10) kontratatu ditugu.
  • Aukera-berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren eta aniztasunarekiko errespetuaren alde egiten dugu.
  • Lan-kontziliazioa bideratzen dugu, lanaldi-murrizketaren eta ordutegi-malgutasunaren bidez.
  • Halaber, konpromisoa dugu prestakuntzarekin, diziplina anitzeko eta balio-aniztasuneko prestakuntza-planek agerian ipintzen dutenez.
  • Segurtasunarekin eta osasunarekin dugun konpromisoa dela eta, segurtasunari ematen diogu beti lehentasuna, kudeaketaren beste alderdi batzuen gainetik, istripu eta gorabehera guzti-guztiak aztertzen ditugu, eta beharrezko baliabide ekonomikoak bideratzen ditugu arlo horretara.

Ingurumena

Ingurumenarekin dugun konpromisoaren lehen proba 1998koa da; hain zuzen, urte hartan, Irizar izen zen ISO14001 ziurtagiria lortu zuen lehen fabrikatzailea.

Honako hauek dira gure ingurumen-politikaren printzipiorik aipagarrienak: CO2-aren eta beste substantzia kutsatzaile batzuen igorpenak etengabe txikitzea; gure produktuak diseinatzean, ingurumen-irizpideak aintzat hartzea; eta gure langileen eta kanpoko kolaboratzaileen artean ingurumenarekiko errespetuaren mamia sustatzea.

Gure soluzioak

Gure mugikortasun jasangarriko soluzioak gure hiriak eta gure planeta eraldatzen ari dira dagoeneko. Igorpen kutsatzailerik gabe, zaratarik gabe, eraginkorra eta irisgarria… etorkizuneko garraioa hemen dago...

Irizar e-mobilityk erabakita dauka garraio eraginkor, garbi eta irisgarrien erabilera bultzatzea, ingurumenaren eta pertsonen ongizatearen eta osasunaren alde egiten baitute, eta hiri-ingurune hobeak sortzen laguntzen baitute. Xede nagusiak, ardatz bereziak, honako hauek dira: kutsadura akustikoa murriztea, kostuak gutxituko dituzten kontsumo txikiak lortzea, eta zero igorpeneko ibilgailuak garatzea. Helburu horiek guztiek gure goiburuaren esanahia balioesten dute: “for a better life”.

Ibilgailu elektrikoen ZERO IGORPENeko teknologiari esker, hirigunean horrelako ibilgailu bat erabiltzean, berotegi-efektuko gasen (BEG), NOx-aren eta bestelako substantzia toxikoen eta partikula kaltegarrien zuzeneko igorpenak desagerraraz daitezke. Hori dela eta, ingurunea osasungarriagoa eta jasangarriagoa izango da.

Teknologia elektrikoarekin, motorrak ez du zaratarik egiten. Beraz, ibilgailu elektrikoen kanpoko soinu-isurpena nulua (0 dBA) da, gelditzean zein abiatzean; errekuntza konbentzionaleko autobus baten kasuan, berriz, 68 dBA-koa da.

ZERO IGORPEN ZUZEN. Irizarren autobus artikulatu batek, % 100 elektrikoak, urtero atmosferara 120 tona CO2 isurtzea eragozten du.

Teknologia elektrikoak ez du errekuntza-motorren zarata sortzen. Hain zuzen, autobusak gelditzen eta berriz martxan jartzen direnean, kanpoko soinua nulua da (0dBA). Martxan dagoenean, Irizar ie busaren soinua % 20 txikiagoa da.

Ekodiseinua

Etengabe ari gara autobusak fabrikatzeko teknologia eta material berriak ikertzen eta garatzen. Horri esker, ingurumenaren aldetik jasangarriak diren produktuekin, ekodiseinuaren aitzindariak gara gure sektorean.

Energia berdeko lantegia

Lantegi horrek kontsumitzen duen energia guztia Arabako energia fotovoltaikoko zentro batean ekoizten da. Hortaz, energia guztiz jasangarria erabiltzen duen lehen lantegia da Europan.

Produkzio-prozesua

Energia-eraginkortasuna hobetzen, hondakinen tratamendua optimizatzen, eta gure jarduerak eta gure produktuek ingurumenean duten eragina txikitzen ari gara.

Konpromisoa

Gure langileen konpromisoaren sustapena ingurumen-, gizarte, eta ekonomia-jasangarritasunari dagokionez.

Ekoberrikuntza

Etengabe berraztertzen ditugu gure berrikuntza-proiektuak, ohikoen ordez ingurumena hobeto zaintzen duten teknologiak eta materialak erabili nahian, eta material horiek arinago bihurtzeko, kontsumoa eta atmosferarentzat kaltegarriak diren gasen igorpenak txikitze aldera.

Kontsumoa

Irizar da Produktuaren Ingurumen-Adierazpeneko proiektu bati hasiera eman dion lehen enpresa sektorean mundu-mailan. Horri esker, hainbat motatako datuak lortuko ditu; besteak beste, berotze globalean eta baliabideen agortzean duen eraginari buruz, baliabide fosilen eta berriztagarrien energia-kontsumoei buruz, fabrikazio-prozesuaren igorpen kutsatzaileei buruz eta substantzia arriskutsuei buruz.

Birziklagarritasuna

Autobusen diseinuan, osagaiak erraz desmuntatzea eta birziklatzea da helburu nagusietako bat. Ibilgailuaren birziklagarritasun eta berreskuragarritasun-tasak % 90etik gorakoak dira, ISO 22628 arauaren arabera. Bateriak % 99 birziklagarriak dira, Europako Batzordeak finantzatutako LIFE “RecLionBat” proiektuaren datuen arabera. Proiektu horren xedea, hain zuzen, bateria-mota hori birziklatzeko teknikak garatzea da. Autobusak balio-bizitza luzeagoa du, eta mantentze-premia gutxiago. Ie busaren inbertsoreek eta trakzio-sistemaren gainerako elementuek autobusaren balio-bizitza bera dute, edo luzeagoa; hori ez da errekuntza-ibilgailuetan gertatzen.

Gure kanpoko kolaboratzaileak

Irizarren lehiakortasun jasangarrian, gero eta estrategikoagoa da kanpoko kolaboratzaileekin aliantzak sortzea.

  • Gure produktuak eta prozesuak garatzean, integrazio- eta aliantza-maila handia dugu gure hornitzaileekin. Ildo horretan, ezagutzak, espezializazioa, teknologia eta baliabideak mobilizatu eta elkarri ematen dizkiogu.
  • Konpromiso handia dugu gure ingurunearekin. Hori dela eta, materialen eta zerbitzuen % 15 gure probintziako (Gipuzkoa) enpresei erosten diegu.
  • Maila sozialean, lankidetza egonkorrak ditugu desgaituak gizarteratzen, gazteen enplegua sustatzen eta gizarteratzeko zailtasunak dituzten pertsonen enplegua sustatzen duten hornitzaileekin.
  • Eskuarki, gure proiektuetan, zentro teknologikoekin jarduten dugu elkarlanean.
  • Aktiboki parte hartzen dugu gure inguruko beste enpresa batzuekin lankidetzan.

Gizartea

Aberastasuna eta enplegua sortzen, eta hezkuntza, kultura, kirola eta lankidetza (estatuan zein nazioartean) sustatzen laguntzen dugu.

  • Ahalegin handia egiten dugu, bai ekonomikoki, bai gure langileen arduraren bidez, gure inguruko eta barne hartzen gaituen gizarteko egoera sozioekonomikoa hobetzen laguntzeko.
  • 28 GKErekin baino gehiagorekin ari gara lankidetzan nazioarteko proiektuetan.
  • Gizarte- eta laguntza-arloetan jarduten duten 30 elkarterekin baino gehiagorekin ari gara elkarlanean.
  • Kultura-, hezkuntza- eta kirol-jarduerak sustatu, eta haietan parte hartzen dugu.
  • Unibertsitateekin eta lanbide-heziketako ikastetxeekin elkarlanean jarduten dugu sistematikoki. Irizarren lanbide-praktikak eta karrera amaierako proiektuak egiteko aukera ematen dugu.
  • Enpresa-inkubagailuetan hartzen dugu parte, enpresa-ekimenak sustatzeko.
  • Estrategian, kudeaketan eta jasangarritasunean dugun esperientzia etengabe partekatzen dugu, ate irekien jardunaldietan zein kanpoko foroetan, beste pertsona eta enpresa batzuek interesa izan eta aurrerapenak lor ditzaten.
Gizarterako-ekarpena
X