Abian da Irizar e-mobilityren bigarren bizitzako bateriak dituzten ibilgailu elektrikoak kargatzeko lehen birkarga gunea
10/02/2021

Zero igorpeneko lehen Irizar autobus autonomoa estreinatu dute Malagan

Aduna, 2021eko otsailaren 18a

Malagako Udalak eta Avanzak edukiera handiko eta zero igorpeneko Irizar markako lehen autobus autonomoa jarri dute martxan.

Irizar ie bus modeloa da, %100 elektrikoa eta zero igorpenekoa. Proiektu aitzindaria da; izan ere, hiri bateko benetako trafiko egoeran tamaina estandarreko ibilgailu bat martxan jartzea dakar aurrenekoz. 

Lehen autobus autonomo hau CDTIk, CIEN programaren bidez, finantzatutako AutoMOST proiektuaren emaitza da. Avanzak operadore gisa parte hartu du, 11 bazkiderekin batera, eta horien artean Irizar Taldea dago, Irizar e-mobility eta Datik-en bitartez. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak, Insiak, CEIT-IK4k eta Vigoko Unibertsitateak ere parte hartu dute proiektuan. I+G+b arloko proiektu pilotu bat da. Duela lau urte hasi zen eta, 2021ean amaitu da, aurreikusitako epeak betez.

Proiektu aitzindari honek mugarri bereizgarri bat ezartzen duten bi ezaugarri ditu: bidaiariak garraiatzeko gaitasuna eta ibilgailu, oinezko eta azpiegiturekiko elkarreragina, Malaga hiriko benetako baldintzetan.

Autobusak doitasun handiko posizionamendu eta gidaritza sistema bat erabiliko du, eta kontrol zentro batera konektatuta egongo da. Zentro horretatik unitate bakoitzari jarraibide zehatzak eman ahal izango zaizkio, eta hura monitorizatu eta ibilbidea denbora errealean ezagutzeko aukera ere izango da.

Duela gutxi, ITS arloko Industria Garatzeko Saria jaso du AutoMOSTek. Garraio Sistema Adimendunen Sozietateak (ITTS) emandako saria da, espainiar atalean. AutoMOSTek berekin ekarriko du etorkizuneko ibilgailu automatizatuetarako kontrol partekatuko sistemak (Dual Mode) ezartzea. Sistema horiek zerbitzuak modu eraginkorragoan eta malguagoan erabiltzea ahalbidetuko dute, azpiegitura adimendun eta konektatuen testuinguruan.

Malaga, beraz, bere kaleetan autobus autonomoa duen Europako lehen hiria da.

Erronka handia da hori etorkizuneko mugikortasunerantz: mugikortasun iraunkorra, konektatua, segurua eta autonomoa. Eta Irizar funtsezko eragilea izango da eraldaketa horretan.


X